KALITATEZKO ENPLEGUA

Paperaren sektorean, oso handia da enplegu finkoaren portzentajea; enplegu hori, gainera, kalitatezkoa, egonkorra eta kualifikatua da. Azken ezaugarri horri dagokionez, berariazko eta etengabeko prestakuntzarekin osatzen da, sektorean lan egiten duten pertsonen kualifikazio-mailari eta enplegagarritasunari eusteko.

Bestalde, EAEko zein Estatuko industriako batez bestekoaren gainetik dago gure sektoreko ordainsari-maila. Eta, edonola ere, jarduera-sektore guztien batez besteko ordainsari orokorraren gainetik.

INBERTSIO IRAUNKORRA

Sektore oso inbertitzailea da, kapitalean intentsiboa. Horixe da etorkizunean bere lehiakortasuna ziurtatzeko modu bakarra. Inbertsioak ingurumen-jasangarritasunean, energia-eraginkortasunean, prozesuetan, digitalizatzean, 4.0 industrian… Horiexek dira sektorearen etorkizunaren oinarriak.

Inbertsio hori, gainera, denboran zehar mantentzen da, inguruabar ekonomikoak gorabehera (2008ko finantza-krisia, 2020ko osasun-krisia). Kontraziklikoa ere bada, krisiaren ondorengo erreboteetarako prest egoteko.

EKONOMIA JASANGARRIA

Askok iragarri zuten paperaren amaiera, baina huts egin zuten. Egia da sektoreak birmoldaketa garai garrantzitsua bizi izan duela eta, horrek gizartean sektorea gainbehera doan irudia utzi duen arren, irudi horrek ez du batere funtsik. Iraunkorra izan da, da eta izango da sektorearen berrikuntza.

Horrela, paper grafikoen eskariaren beherakadaren aurrean, beste arlo batzuetara birbideratu da sektorea: enbalatzeko papera, paper bereziak, plastikoaren ordezko paperak… Aukera-sorta zabala, sektoreak aberastasuna sortzen jarraitzeko aprobetxatzen duena; eta urtez urte erakusten duen esportazio-maila handiek (batez beste, % 50etik gora) islatzen dute sektorearen lehiakortasuna.

EFEKTU BIDERKATZAILEA

Sektorearen izaeragatik, oso handia da duen efektu bultzatzailea. Egiten diren inbertsioei, aurrerapen teknologiko oso handiko ekoizpen-ekipo handiei eta ekipo horien mantenu-beharrei esker, paper-lantegietako zuzeneko enplegua biderkatu egiten da, era guztietako hornitzaileak behar direlako.

Balio sektoriala