Zer
jakin behar dut?

Papera,
milaka urtekoa
eta etorkizun handikoa

Cyperus papirus egiptoar landarearen izenetik dator papera hitza (latinez papyrus); landare horren hostoek egiptoar, greziar eta erromatarrei idazteko euskarri gisa balio izan zieten, K.a. 3.000. urtearen eta K.o. V. mendearen artean.

Europan, Erdi Aroan, pergaminoa erabili zen, animalien larru onduz egindakoa, larruok tinta jasotzeko prestatuta. Hala ere, txinatarrek dagoeneko ekoizten zuten papera, zetaren, arroz-lastoaren eta kalamuaren hondakinekin egindakoa, baita kotoiaren hondakinekin ere. Arabiarrei transmititu zieten ezagupen hori, eta haiek eraman zuten gaur egun Espainia den lurraldera eta Siziliara, X. mendetik aurrera. Frantziara hedatu zen paperaren ekoizpena; lihoa erabilita ekoizten zuten papera frantziarrek XII. mendetik aurrera.

Euskadin, 1779an sortu zen lehendabiziko paper-errota eta, hainbat iniziatibaren ondoren, 1818an sortu zen Tolosan paper jarraituko lehenengo lantegia. Ordudanik, paperaren sektorea indarra hartzen joan da, gaur egun arte. Ez bakarrik pasta- eta paper-lantegiekin, baizik eta baita era guztietako enpresa-sorta handi batekin ere: ekipamendu-ondasunen fabrikatzaileak, ingeniaritzak, paper- eta kartoi-manipulatzaileak, hainbat ekipo eta kontsumigarriren fabrikatzaileak, arte grafikoak, edizioa… baita ikastetxe bat ere.

Euskadiren ekonomian pisu handia duen sektorea, etengabeko hobekuntzarako eta lehiakortasuna garatzeko oinarri berriak bilatzen dituena lankidetzan.

Betidanik, kulturaren, artearen, zientziaren eta ekonomiaren garapenerako euskarri gisa balio izan du paperak. Itxuraz hauskorra izan arren, zibilizazioaren funtsak islatzeko balio izan du: paperean idatzi dira legeak, eskubideak, betebeharrak eta memoria historikoa.

Ahozko tradiziotik idatzizkorako jauzia da gizateriaren historiako funtsezko gertaeretako bat. Gaur egun, baina, erabilera grafiko hutsetatik harago doaz paperaren erabilerak. Egunean 24 orduz dugu papera lagun, eta bizitza errazten digu. Oso luzea da paper moten zerrenda, eta imajina dezakeguna baino haratago doa, baita digitala den oro abiadura handian ezartzen ari den honetan ere. Euskarri paregabea da, hainbat arrazoirengatik, baita produktu eredugarria ere ingurumenaren ikuspegitik, eta harro egon daiteke bizitza-ziklo osoa duen euskarria izateaz, lor daitezkeen gehienezko muga teknikoetatik hurbil dauden birziklatze-mailekin.

Paperaren historia EAEn